AITORPENAK ETA SARIAK

«Elxeko Misterioa» Sari berezia

Informazio eta Turismo Ministerioak eman zuen 1965ean eta, horri esker, Obanosko Misterioa «Espainiako Jaialdiak» kultura-programan sartu ahal izan zen.

«Interes Turistiko Nazionaleko Jaia»

Ekonomia Ministerioak, Turismoko Idazkaritza Nagusiaren bidez, 2001eko abuztuan Interes Turistiko Nazionaleko Jai izendatu zuen Obanosko Misterio Fundazioa. Hala, Nafarroako Gobernuak Obanosko Misterio Fundazioaren ekimenez eta hiribilduko udalaren berariazko babesarekin izapidetutako eskaerari erantzun zion.

Interes Turistiko Nazionaleko Jai izena balio kulturalak eta herri-tradiziokoak adierazten dituzten jai edo ekitaldiei ematen zaie, batez ere haien ezaugarri etnologikoak kontuan hartuta, baldin eta garrantzi berezia badute turismoa erakartzeko.

Izena emateko, bereziki kontuan hartzen dira jaiaren edo gertaeraren antzinatasuna, denboran zehar izan duen jarraitutasuna eta egiten diren egintzen originaltasuna eta aniztasuna.

Obanosko Misterioa Fundazioaren ekimenez, Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiak eskaera tramitatu zuen 2001eko apirilean, Obanosko Misterioaren alderdi garrantzitsuenei buruzko udalaren txosten bat erantsiz. Ministerioaren erantzuna urte bereko abuztuan iritsi zen, Juan José Güemes Barrios Turismoko idazkari nagusiaren gutun baten bidez. Gutun horretan, aipaturiko jaiari eskatutako ohorezko titulua emateko erabakia jakinarazi zuen.

Izendapen horrekin, Obanosko Misterioaren antzezpena Merkataritza eta Turismoko Estatu Idazkaritzak garatzen dituen interes turistiko nazionaleko jaiak sustatzeko ekintzen barruan sartu zen.

Aitorpen hori izan da, Obanosko Misterioa Fundazioarentzat, 2001eko gertaerarik garrantzitsuena eta etorkizunerako proiekzio handienekoa.

Esparru praktikoan, Obanosko Misterioaren antzezpena Merkataritza eta Turismoko Estatu Idazkaritzak garatzen dituen interes turistiko nazionaleko jaiak sustatzeko ekintzen barruan sartzea esan nahi du.

Misterioaren Fundazioa hasieratik jabetu zen urrats horren garrantziaz. Horregatik, ahal zuen guztia egin zuen ordura arte herri-aitorpena besterik ez zenari trinkotasun formala emateko: San Gilen eta Santa Feliziaren Misterioa ospe eta proiekzio turistiko handieneko adierazpen kulturaltzat hartzea, antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuekin batera, hala nola Elxeko Misterioarekin.