Obanosko Misterioaren istorioa

Obanos bidegurutzea eta Donejakue Bideko kondaira ederrenetako baten sorlekua da. Kondaira ahoz transmititu zen belaunaldiz belaunaldi, eta joan zen mendeko hirurogeiko hamarkadan berreraikitze historikoaren ikuskizuna sortu zen: Obanosko Misterioa edo San Gilen eta Santa Feliziaren Misterioa.

Jatorrizko testua Santos Beguiristáin Obanosko apaizak idatzi zuen «Santa Feliziaren martirioa eta San Gilenen penitentzia» izenburupean, eta 1962ko apirilaren 25ean, asteazkena, San Gilen egunaren bezperan, Obanosko haurrek irakurri zuten herriko plazan, gaueko hamarretan, «santuaren suaren inguruan». Tokiko kronikek diotenez, herritar askok hartu zuten parte. Herritar horiei bando bidez aholkatu zitzaien «afalduta eta presarik gabe» joateko.

Lehen antzezpen herrikoiaren arrakasta ikusita, 1965. urtean beste testu bat eratu zen bertso alexandrinotan, Erdi Aroko kondaira jaso eta Donejakue Bideko tradizioak eta pertsonaiak biltzen zituena.

Obra 1965eko abuztuaren 25ean eszenaratu zen lehen aldiz, eta haren antzezpenak urtero egin ziren, etenik gabe, 1977ra arte. Ehun emanaldi baino gehiago izan ziren, eta 130.000 pertsona bertaratu ziren.

Urte horietan, Misterioaren antzezpenak Nafarroako Foru Diputazioaren eta Informazio eta Turismo Ministerioaren babesa izan zuen, «Espainiako jaialdi»en barruan. Obanosko Misterioak «Elxeko misterioa» Sari Nazional berezia lortu zuen.

Hainbat urtetako etenaren ondoren, 1993an, Obanosko Misterioa Fundazioa sortu berriak, Arnotegiko Ermitauko Ermandadearekin batera, obraren antzezpena antolatu zuen Nafarroako Jaialdien esparruan, eta 1999an berriro errepikatu zen. Horren ondorioz, ikuskizuna sendotu egin zen, kultura-ekitaldi honetako benetako protagonistak diren Obanosko bizilagun guztien ahaleginari, lankidetzari eta lanari esker. 2000., 2002., 2004., 2006. eta 2008. urteetan antzeztu da obra.

2001. urtean, Obanosko Misterioa Interes Turistiko Nazionaleko jaien artean sartu zuten.

«Obanosko Misterioak» urte horietan jasotako sariei esker, estatuko eta nazioarteko jende askoren aitorpena lortu zuen eta denbora horretan aktore eta zuzendari askok utzi zuten arrastoa Obanosko bizilagunen antzezpen horretan.